Abiadura bizian jarri da martxan seigarren Araba Encounter topaketa teknologikoa

  • Lakua Gizarte Etxean egoitza berria duen informatika-bilkura igandera arte luzatuko da, eta lehen ordutik bisitari ugari gerturatzen ari dira teknologia berriez gozatzera
  • Segundoko 20 gigabiteko konexio-abiadura izango dute parte-hartzaileek euren ordenagailuekin sarean nabigatzeko. Iazko abiaduraren bikoitzari ezartzeari esker, munduko party azkarrenen artean kokatu da aurten Araba Encounter. Gainera, 340 ordenagailu konektatu dira sarera, 2018an baino 20 gehiago
  • Bisitariek gertutik ezagutu ahal izango dute ekimena, eta Opengune eremu irekiko doako ekintzetan parte hartu: hitzaldiak, tailerrak, bideo-jokoak, 3D inprimagailuak eta errealitate birtualeko jokoak
  • Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu eta babesten du ekimena, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin
  •  

    Araba Encounter 06 ziztu bizian jarri da gaur martxan, Lakua Gizarte Etxean, eta inoiz baino konexio-abiadurari bizkorragoa eskainiko du: segundoko 20 gigabitekoa, iazko bikoitza. Ekimenaren lehen orduetan nabarmen gainditu da aurreikusitako bisitarien kopurua; izan ere, haur eta familia ugari bertaratu dira teknologia berrien, prestakuntzaren eta sormen digitalaren bilkura ezagutzera.

    Opengune zona irekian gauzatzen ari diren tailer eta hitzaldiek erakargarritasun handia dute bertaratuentzat. Gainera, publiko orokorrari irekitako eremuan aukera dute 3D inprimaketaz, errealitate birtualaz, segurtasun informatikoaz, musika digitalaz, programazioaz edota bideo-jokoez ikasi eta gozatzeko.

    Gaur eguerdian burututako inaugurazio ekitaldian, Euskaltel taldeko Marketin zuzendari Koldo Unanuek eskerrak eman dizkie partya posible egin duten boluntario guztiei, eta euskal telefonia konpainiaren ekarpena azpimarratu du. Banda zabala eskaintzeaz gain, ezagutza zabaltzeko apustua egiten du Euskaltelek, hori baita Encounter sareko ordenagailu-topaketen oinarri nagusietarikoa.

    Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarte saileko zuzendari Aitor Urzelaik adierazi duenez, Araba Encounterrek Euskadiko 4.0 Estrategiak barne hartzen dituen elementu guztiak ditu bere baitan: talentua, konektibitatea eta zibersegurtasuna.

    Bestalde, Arabako Foru Aldundiaren Ekonomiaren Garapenaren, Berrikuntzaren eta Erronka Demografikoaren saileko diputatu Pilar García Salazarren esanetan, banda zabala Arabako bazter guztietara hedatzeko konpromisoa du diputazioak. Aldi berean, partyko emakumezko partaideak zoriondu ditu “gustukoa dutenari ekiteagatik eta kristalezko mugak apurtzeagatik”.

    Inaugurazio ekitaldian Gasteizko Udaleko Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte-etxeen saileko arduraduna den Borja Rodriguezek, berriz, Udalak teknologia berrien alde apustua egin duela ziurtatu du, biztanleen ongizatea hobetzeko erreminta bezala erabiltzeko asmoarekin.

    Doako hitzaldi eta tailerrak

    Hiru egunotan zehar prestakuntza-ekintza ugari burutuko dira, gain anitzen inguruan: zibersegurtasuna, kriptotxanponak edota programazioa. Horrez gain, partaideek musika digitala lantzeko eta sare sozialetan edukia sortzeko aukera izango dute tailerretan.

    Informazioaren eta komunikazioaren teknologien testuinguruan, pertsonen, enpresen eta egitasmoen arteko konexioa bultzatzeko xedez antolatzen ditu Euskaltel Konekta Fundazioak informatika-topaketa horiek, urtean zehar mundu digitalaren zaleen eta profesionalen artean ezagutzak, ideiak eta balioak partekatzeko.

    Antolatzailea

    Euskaltel Konekta
    Euskalamiga Elkartea

    Ahotsa:

    943-533696 (9:00-13:30 y 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera y 9:00-13:30 ostiraletan)

    IRC auzo ofizialak:

    IRC-Hispano
    #euskal
    QuakeNet
    #euskal

    Edozein galdererako:

    olatz@euskalencounter.org

    Prentsa arduraduna:

    Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
    943 22 45 30 / 609 12 16 66
    E-mail: press@euskalencounter.org

     

    twitter facebook flickr youtube instagram twitch