Bihar abiatuko da seigarren Araba Encounter, eta jarduera-eskaintza zabala izango da igandera arte, doako hitzaldi eta tailerrekin. Teknologia berriak publiko orokorrera hedatzeko helburuarekin, Lakua gizarte-etxera bertaratzen direnek 3D inprimaketako guneaz, droneez eta errealitate birtualaz gozatzeko aukera izango dute, baita teknologia horien aplikazioei buruz ikasi ere.
Interesa duten guztiak hurbiltzera eta Openguneko ekintzetan parte hartzera gonbidatuak daude. Segurtasun informatikoari, kriptotxanponei eta gizarte-sentsibilizaziora zuzendutako bideo-jokoei buruz ikasteko aukera izango dute, baita musika digitala sortzen trebatzeko eta sare sozialetarako edukiak lantzeko aplikazio onenak ezagutzeko ere.
Gasteizko hitzorduak pizten duen grina agerikoa da, 5 minutu eskasetan agortu baitziren 340 postuak. Eserlekua hartzeko gai izan direnak euren ordenagailuarekin ezarriko dira partyan, eta ekintza nahiz lehiaketa ugaritan esku hartzeko aukera izango dute. Horiez gain, ehunka bisitari espero dira: 3.000tik gora. Izan ere, eserlekua duten parte-hartzaileez aparte, eguneko sarrera duten bisitariak, tailerretan izena eman duten pertsonak eta doako jardueretara bertaratuko diren hiritarrak ere hartuko ditu bilkurak.
Arte digitaleko, software libreko, bideo-jokoetako eta hardware-eko lehiaketak gauzatuko dira hiru jardunaldietan zehar. Denera, 43 lehiaketa egingo dira arlo ezberdinetan: bideo-jokoak, programazioa eta arte digitala barne. Azken kategoria horren barruan, ukitu fotografikoa, musika digitala, ilustrazioa edo bideo-jokoen garapena bezalako gaiak landuko dira.
Parte-hartzaileek ekarritako ehunka ordenagailuak sarera konektatuko dira segundoko 20 gigabiteko abiadura izugarrian. Aste bakarrean sare egonkorra muntatzea da Euskaltelen erronka: izan ere, gai izan behar dira 3 egunez jarraian kolapsatuko ez den eta karga handiak kudeatzeko gai izango den sistema muntatzea. Araba Encounterrek merkatuko partner onenekin kolaboratzen du helburu hori behin eta berriz erdiesteko, aurreko edizioetan erakutsi duen bezala.
Araba Encounter euskal informatika-partyen sarearen barne dago, Gipuzkoa Encounter eta Euskal Encounter euskal bilkurekin eta Galiziako Technium R Encounter (Ourense) eta XGN R Encounter (Pontevedra) partyekin batera. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien testuinguruan, pertsonen, enpresen eta egitasmoen arteko konexioa bultzatzeko xedez antolatzen ditu Euskaltel Konekta Fundazioak informatika-topaketa horiek, urtean zehar mundu digitaleko zaleen eta profesionalen artean ezagutzak, ideiak eta balioak partekatzeko.